
Amaitu da aurtengo Giroa eta horrekin batera hainbeste denboran lasterketa hau buru-belarri prestatzen egon diren txirrindularien amets eta ilusioak. Gutxi izaten dira bere ametsak modu egokian betetzen dituztenak, asko aldiz nahi baino ahulago ibili eta beraien ametsetara gerturatzeko modurik izaten ez dutenak.
Graham Watson handiaren argazkian agertzen den Danilo Di Luca izan da inongo dudarik gabe Giro honetako gizonik indartsuena. Aurreneko etapatik erakutsi zuen berau, Montevergine, Nostra Signora della Guardia, Briancon… eta Zoncolaneko kilometro batzuk salbu, halaxe jarraitu du Milanera iritsi arte.
Ez da iazko Bassoren ikaragarrizko erraztasun hura ikusi, ez, ez da hain exajeratua izan baina aldi berean ez da sekula ikusi italiar errubioaren garaipena kolokan. Merezita irabazitako lasterketa izan da berau.
Podiumean lagun, Andy Schleck eta Eddy Mazzoleni. Sekulako erregulartasuna erakutsi duen gazte bat eta lidertza serio erasotu duen bakarrenetakoa. Ikusitakoaren arabera podiuma justua izan dela deritzot, nahiz eta Piepoliri ere agian lekutxoren bat egin izan balitzaio ere inor ez litekeen harrituko. Dena den, italiar txikia lidertzaren borrokan ihardun izan bazen, agian lortu dituen emaitzarik lortzeko modurik ez luke izango.
Galtzaileen artean Popovych, Cunego, Savoldelli eta Simoni aipatu beharko genituzke. Giro hasieran, Di Lucarekin batera hauek ziren irabazteko hautagai nagusiak eta hori ez lortzeaz gain podiumean sartzeko ere ahalmenik ez dute izan. Savoldelli eta Simonik behintzat etapa bana eta lan ona eginda etxeratuko dira baina hala ere ez dut uste oso gustura izango direnik.
Sprintetan erabateko nagusitasuna Petacchiren aldetik. Giroa 5 garaipenekin bukatu du, bere sasoirik onenetan lortzen zituen garaipen kopuruetara gerturatuz. Beste urte batzuetan jarraitzeko moduan dela ematen du. Hurrengo borroka Tourrean, McEwen, Hushovd, Freire, Boonen edo Bennatti bezalako esprinter handien aurka. Han ez du hain erraza izango 5 garaipeneko altxorra lortzea.
Eta euskaldunen artean ez dago gehiegi komentatzekorik. Mayoren garaipen polita eta Vilaren agerraldiren bat edo beste. Dena den, bi hauengandik zerbait gehiago espero nuen eta Koldo Fernandez de Larrea ere sprintetan aurrerago ikusteko esperantzan nintzen, ez da ordea erraza tropeleko azkarrenekin borrokatzea.
Giro polita izan dugu, eta horretan ibilbidearen laguntza ezinbestekoa da. Giroa ezagututa Tre Cime Lavaredon izan zen antzeko etapa bat gehiago bota dut faltan, “tappone” bat gehiago baina bueno, ezin kexatuko naiz alde horretatik, sarraskiak prestatzeko lekuak ugariak baitziran eta horrelakorik gehiagotan gertatu ez baldin bada txirrindulariek nahi izan ez dutelako izan baita.
1 comentario:
Aupa primo! Hilebetin ixe egunero ibili nok sartu ta sartu ia zauk irabazizule ipintxen zendun.... da oin Di Luka ipintxeztek!!! Hi haz hi artaburu!! Heuri noz ipini biok o ze?? Bestela esan neuri ta neuk ipinikojuat, gaina frantzesez be bai, igual frantzesen batek deitxukotzu... baina niri ez esan berbaik eitxekoik e!! JEJE! Bueno tu, ondo segi ta enterau na atzi zarratu ezinde zabizela....JAJA!!!
Ale, animo eta laster arte!
LENGUSO FRANTZESA
Publicar un comentario