martes, 8 de mayo de 2007

Ivan Bassok bere erantzukizuna aitortu du

'Puerto auzian' nahastuta dagoela onartu, eta ikerketan Italiako Justiziari laguntzeko prest azaldu da

Ivan Basso txirrindulariak Puerto auzian daukan erantzukizuna aitortu du. CONI Italiako Olinpiar Batzorde Nazionalaren egoitzan agertu zen atzo eguerdian Basso, Massimo Martelli bere abokatuak Ettore Torri fiskalari hitzordua eskatu ondoren. Abokatuaren arabera, Bassok Italiako Justiziari laguntzeko borondatearekin eskatu zuen agerraldia. Laguntza horrekin, bi urteko zigor ziurra urte batera murrizteko asmoa luke txirrindulariak, eta modu horretan, 2008. urteko Giroa hasten denerako zigorra bete.

Bassok gaur jakinaraziko ditu bere agerraldiaren xehetasunak. Agiri baten bitartez edo prentsaurreko batean izango den, gaur jakingo da. CONI erakundea pozik agertu zen Bassok laguntza emateko pausoa eman duelako, baina ez zituen Bassoren agerraldian esandakoak zehaztu. Arrasto txikiena ere ez zuten eman. Txirrindulariak Puerto auziarekin zer lotura duen gaur argitu daiteke, eta Bassok esandakoa gogoan, auziaren inguruko kontu franko gera daitezke agerian.

Bassok aurreko astean deklaratu zuen fiskalaren aurrean, maiatzaren 2an. Ordu pare batekoa izan zen deklarazioa, eta fiskalak bertan behera utzi zuen agerraldia. Martelli abokatuaren arabera, fiskalak ikertzen jarraitzeko helburuarekin eten zuen Bassoren deklarazioa, eta egun batzuk geroago deituko zuela agindu. Mandatu hori iritsi baino lehen agertu da Basso Erroman, CONIren egoitzan, bere erantzukizuna argitzeko.

Bere abokatuaren ahotan, Bassok zuzen jokatu du bere kabuz aitortza eginda. «Ivan aztoratuta dabil. Kontzientzia arazoak izan ditu aste honetan, urduri egon da egun osoan, tentsio handiarekin, eta, tentsio hori askatzeko asmoz, begiak ireki ditugu denok, pauso zuzena emateko». Fiskaltzaren aurrean Basso lasai mintzatu zela esan zuen abokatuak: «Patxada handiarekin aritu da, poliki-poliki hitz eginez, eta bere izaerari dagokion eran». Bassok hartu duen erabakia une honetan zergatik hartu duen galdetu zioten abokatuari, eta Martellik honakoa erantzun zuen: «Egin duena egin badu, txirrindularitza maite duelako egin du».
ERREAKZIO UGARI. Bassoren aitortzak erakunde askoren erreakzioak eragin zituen. UCI Nazioarteko Txirrindulari Elkargoko Pat McQuaid buruak erakundearen babesa eskaini zion txirrindulariari, baina garbi utzita haren aitortzak ez duela ekarriko bi urteko zigorra arintzea. «Ez dugu bakarrik utziko, baina ez diogu zigorra arinduko keinu horregatik. Arauak denok errespetatzeko sortu ziren, eta Bassok ez ditu errespetatu. Debekatutako jarduera batean aritu da, eta horrek tristura eragiten dit». McQuaidek Bassorena Puerto auziko lehen atala izatea espero du. «Auzian nahastuta eta beldurtuta zeuden beste kirolari batzuk ere pausoa emateko ausardia izango dutela uste dut. Hobe da aitortzea, gezurretan aritzea baino». Italiako Txirrindularitza Federazioko Renatto di Rocco buruak ere babesa eskaini zion Bassori: «Ivani eskatzen digun laguntza guztia emango diogu. Txirrindularitzari mesede egingo dio haren aitortzak».

Italiako Giroko Angelo Zomegnan antolatzaile buruak Bassoren adorea goraipatu zuen: «Orain aste batzuk ez nuen sinetsiko hau gertatuko zenik, baina txirrindularitza osoak eskatzen zuen pausoa dela uste dut. Di Roccok esan duenarekin bat egiten dut».

Francesco Moser nazioarteko txirrindulari elkarteko presidentea mintzatu zen gogorren: «Hainbeste estutu dute, non ezin izan duen bere erantzukizuna ukatu. Ullrichekin gertatu zena gertatu ondoren, bistakoa zen gurpila ez zela geratuko. Txirrindulariek aro bat bukatu dela ulertu behar dute, ez dela arriskatzeko garaia».

«Kontzientzia arazoak zituen Bassok, eta horregatik erabaki du pauso zuzena ematea»
massimo martelli.Ivan Bassoren abokatua. «Ez dugu bakarrik utziko Basso, baina ez diogu arinduko zigorra. Arauak denok errespetatzeko sortu ziren» pat mcquaid uci-ko presidentea.

No hay comentarios: